Patronalak ez du gutxieneko soldata duinik nahi Hego Euskal Herriko langileontzat. Azken urteetan ahalegin ugari egin ditugu euskal gehiengo sindikaletik hori lortzeko, baina patronalak ez dira negoziazio mahaian eseri.
Gobernuek ere ez dute nahi gutxieneko soldata propioa izan dezagun. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak ez du tramitera ere onartu gutxieneko soldata hemen finkatzeko Herri Ekimen Legegilea. EAEn EAJk eta PSEk bizkarra eman diote 140.000 pertsonek babestutako Herri Ekimen Legegileari, lehenago 150.000 sinadurekin gutxieneko pentsioa osatzeko aurkeztutakoarekin egin bezala. Gobernuen erantzuna guztiz antidemokrati-koa da, eta, horrela, gobernuen eta patronalen arteko aliantza sendoa agerian geratu da.
Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Inork ez du nahi, lana gogor egin ostean, miseriazko soldata bat jaso eta bizi proiektua garatzeko estu ibili. Guk ez dugu nahi Euskal Herrian inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea. Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, gutxieneko soldata hemen erabakitzea, 1.500€-ko gutxieneko soldata ezartzea.
Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Gaur egun Madrildik ezartzen denak geroz eta pertsona gehiago pobretzen gaitu; bereziki, emakumeak*, gazteak eta migratutako pertsonak. Bitartean, denok ezagutzen ditugun gutxi horiek irabazi errekorrak dituzte. Ez da bidezkoa, eta, horregatik, greba orokorrera goaz:
- Confebask eta CEN presionatzeko, negoziatzera eseri eta 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko.
- Gutxieneko soldata hemen erabakitzeko behar diren ekimen politikoak gauzatu daitezen, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan zein Madrilen. Eta euskal alderdiek neurri horiek babestu ditzaten.
- Soldatak hobetzeko eta aberastasunaren banaketa justuago baterantz aurrera egiteko.
Lortu dezakegu. Erakutsi dezagun elkarrekin dugun indarra!
Martxoaren 17an egin bat greba orokorrarekin!

Albisteak
2026-02-25 12:39
Nafarroako 200 bat enpresa-batzorde eta langileen ordezkaritza-organok bat egin dute M17ko greba orokorrarekin
Berrogeita hamar bat ordezkari sindikal Iruñean agertu dira 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikapen masiboa dela azpimarratzeko.
2026-02-25 12:37
1.700 enpresa batzorde eta langileen ordezkaritza organok bat egin dute M17ko greba orokorrarekin
Ehun bat ordezkari sindikalek Bilbon egin dute agerraldia 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikapen masiboa dela azpimarratzeko.
2026-02-23 12:41
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek Nafarroak gutxieneko soldata propioa izateko benetako aukera defendatu eta posible egiteko deia egin dute
EH Bilduk eta Geroa Baik Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata finkatzeko eskumenak izateko Lege Proposamena Parlamentuan erregistratu zuten. Ekimen horren aurrean, Nafarroako Gobernuak inongo zorroztasunik gabeko txosten bat egin du, nafar langileen beharrak eta errealitateak aintzat hartzen ez dituena, lege proposamenaren tramitazioarekin ados ez dagoela adieraziz. Hala ere, ekimena sustatu duten sindikatuek oztopoen aurrean benetako aukera dagoela nabarmendu dute, eta hori defendatzera eta posible egitera deitu dute, martxoaren 17ko Greba Orokorraren deialdiarekin bat eginez, Parlamentuak legea onar dezan lortzeko.